Udaberriko eguraldi epelekin batera, iritsi dira dagoeneko sagarrondoen loreak. Klima aproposa du gure eskualdeak loraldi hau gerta dadin, izan ere, tenperatura goxoa (baina ez beroegia) izateaz gain, hezetasun nabarmena eta gauetan tenperatura baxuak eskaintzen ditu. Azken hau garrantzitsua da, sagarrondoen lorea indartsu hazi dadin ahalbidetzen baitu.
Lore ederra du sagarrondoak. Sagarrondo-motaren arabera, zuria edo arrosa kolorekoa izan liteke eta lehenago edo beranduago irteten da.
Loraldia urtero errepikatzen den natur ikuskizun handia da, benetan ikusgarria, gure herriaren irudi ederra eskaintzen baitu, sagarrondo ugariz inguratua.
Gainera, loraldi ikusgarri honek sagar ekoizpen handia ekarriko du hilabete batzuetan. Sagarrondoen loraldi-garaia amaitzean, lore horiek agerian utziko dute gure inguruan “pipitta” bezala ezagutzen dena. “Pipitta” hori etorkizunean sagarra izango dena besterik ez da, oraindik heldu gabea, eta udako hilabeteetan zehar haziko da ondoren irailetik urrira bitartean jasotzeko.
Jakina da, gainera, sagarrondoak bi urtez behin izaten duela uzta oparoa, beraz aurtengoa bezalako loraldi ederra ere bi urtez behin errepikatzen da.
Suposatzen dugu zuetako askok bi urtez behin uzta oparoa ematearen arrazoia ezagutuko duzuela honezkero, baina fenomeno natural hau arrotza izan liteke beste askorentzat.
Zergatik gertatzen da hau?
Sagarrondoek ekoizpen handia bi urtez behin izatearen arrazoi nagusia ekoizpen-gaitasun handi hori bera da.Sagarrondoaren hazkunde prozesua Karbono eta Nitrogenoaren arteko orekaren baitan gertatzen da eta landarearen hormonetan eragin handia du horrek. Urte batetan sagar pipitta asko hartzen badu sagarrondoak, hormona horietako batzuen eraginez hurrengo urteko lore begiak sortzea zailtzen zaio. Irudietan ikus dezakezuen bezala, sagarrondoak lorez beteta daude aurten, zuhaitzak indartsu daudelako eta sagar ugari ekoizteko gai direlako. Ekoizpen-gaitasun handia dela eta, ohikoa da adar asko pisuagatik puskatzea, eta hori gertatzen ez bada ere, ekoizpen hori eskaintzeko ahaleginak zuhaitzei asko eragiten die, ahuldu egiten baitira eta datorren urtean sagarrak ekoizteko indarra galtzen baitute.
Ziklikoki errepikatzen den prozesua da, baina ez dago zertan kezkatu,modu naturalean gertatzen den hau ekiditeko hainbat modu baitaude. Sagarrondoak pipitta asko hartzen baditu, txikiak direnean erdiak kendu ezkero, hurrengo urtean ere loraldi oparoa izateko moduan izango da sagarrondoa.
Izan ere, esaera-zaharrak dioen bezala:
“San Juanetan sagarrari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko sagar”