Apakaxozermoduz-a baino gehiago da Azokako hizkera. Badira dozenaka espresio eta hitz, ekoizle eta herritarren arteko hartu-emanetik sortutakoak. Horietako asko, gainera, galbidean daudenak. Zer, esan nahi dute, bada?
Hiztegia:
Ahesiak: gurdiaren alboetan jartzen diren zurezko bi piezei deitzeko era bat da.
Herdoildu: Tomate landarearekin lotu ohi den hitza da. Landarea gaixotu eta belzten hastean, “herdoila sartu zaiola” edota herdoildu egin dela esaten da.
Lakaria: Baserritarrek urte luzez erabilitako bolumen bidezko pisu-neurri bat da. Lakari bat babarrun, 3,6 kilo babarrunen baliokidea da, eta egurrezko kutxa baten bitartez neurtzen da. Kutxa beteta, gainetik erregela bat pasa eta soberakina kentzen da berdin-berdin jartzeko. Kasu batzuetan, lursailen azalera neurtzeko ere erabili izan ohi da.
Leka: Babarrun aleak biltzen dituen oskol bigun eta luzea da leka. Leka bakoitzean babarrun ale batetik hasi eta 8 edo 9 babarrun ale arte egon daitezke. Tolosako Merkatuan babarruna erostean, “Lekan” edota “Aletua” eska daiteke.
Libra: Libra bat 500 gramoren baliokidea da, beraz liberdi bat edota libra erdi bat eskatzean 250 gramo eskatzen ari gara.
Zumitza: Zume landaretik dator. Bere ezaugarriengatik, saskiak eta beste hainbat produktu egiteko erabili ohi da zume landarea, oso malgua eta moldagarria delako. Zumitza, zume landaretik ateratako fibra naturalekin (gaztelaniazko mimbre) egindako saski edota gaztagintzarako moldea da (gaztelaniazko encella). Zume landarerik ez zegoen lekuetan, gaztainondo edota urritz landareetatik ateratako xafla finekin ere egiten ziren saski eta molde horiek.
Zotalegunak: Urtarrileko lehen 12 egunei esaten zitzaien, eta egun horietako eguraldiak ondorengo hilabeteetako eguraldia iragartzeko balio zuen. Egun bakoitzak hilabete bat iragartzen zuen (1-Urtarrila, 2-Otsaila, 3-Martxoa…)
Istinga: Soroan edota belardian dagoen zingira edo putzu lohitsua da istinga. Euri zaparrada handien ostean, lurrak ur guztia xurgatzeko ahalmena galtzean sortzen da.
Uztarria: Bi idi edo mando bi lotzeko tresna da uztarria, zurezko pieza luzanga batez osatua. Animalien buru edo lepo aldera doitzen diren bi arku ditu, eta gurdi baten lantzari edo golde baten lemari lotuta, haietatik tiratzea ahalbidetzen du.
Karrunka: Eltze ipurdia erre ondorengo ‘kostra’, batez ere, esnearena. Kozintzerako garaian, eltze ipurdia erre ondoren geratzen den ‘kostra’ da karrunka. Batez ere esnea erre ondorengo kostrari deitzen zaio horrela.
Ardagaia: Zuhaitzetan ateratzen den onddo modukoa, jangarria ez dena eta hankarik ez duena. Sua pizteko eta baserri batetik bestera sua eramateko erabiltzen zen.
Gaitzerua: Babarruna pisatzeko 12 kiloko ontzia. Gaitzeruaren neurria ez zen zehatza eta herriz herri aldaketa txikiak zituen, baina beti pisu antzekoa mantenduz.
Artangaba: Baserrietan elikagaiak jasotzeko gela edo tokia da Artangaba, normalean teilatupean kokatutakoa.
Gatxitxia: Ardiak arkumea izan eta kasu egiten ez dion bildotsari deitzen zaio gatxitxia. “Gaitzetsia” hitzetik dator.
Eskatza: Baserrietan ukuilua eta sukaldea bereizten dituen pasiloa da. Normalean, baserriko sarrera ere izaten da gainera.
Abaroa: Abereek eguzkitik babesteko erabiltzen duten babesgunea da abaroa.
Arrapaska: Garai batean, herriko lurretan garoa biltzera joaten ziren baserritarrei deitzen zitzaien arrapaska.
Gazi kutxa: Garai batean, janaria mantentzeko gatzetan sartuta edukitzeko egurrezko kutxari deitzen zitzaion gazi-kutxa.
Zainbelarra: Baserrietako horman ateratzen den landare mota da zainbelarra, zauriak sendatzeko baliagarria dena.
Azaoa: Garia bildu ondoren egiten den paketea da azaoa, ondoren lastoarekin biltzen dena.
Albakaia: Ahariek aldamenetik ematen duten burukoari deitzen zaio albakaia.
Anega: Lau gaitzeruren baliokidea den neurria da anega bat.
Alperra: Lurra zapaltzeko eta xehetzeko tresnari deitzen zaio alperra.
Arkuaiziak: Ardiei ilea mozteko erabiltzen diren guraizeak dira arkuaiziak.
Nardaia: Soroan lan egiteko, idi parea lotzeko edo bat egiteko goldeari eransteko erabiltzen zen tresnari deitzen zitzaion Nardaia.
Zerrazuia: Behe lainoa izendatzeko beste modu bat da zerrazuia.
Ilintxa: Ikatza egiteko txondorra egitean, guztiz egosi gabe dagoen eta oraindik ikatza ez den egur zatiari deitzeko modua da ilintxa.
Txispaia: Babarrunari hautsa kentzeko erabiltzen den tresna, sarez egina eta erdian irekiera zirkularra duena.
Gainaga: Gurdia bete ostean karga eusteko erabiltzen zen makilari deitzen zitzaion gainaga.
Palenka: Baserrietan, hesiak egiteko estaka sartzeko lurrean zuloa palenkarekin egiten da.
Kukusoa: Txorimaloari deitzeko beste era bat da Kukusoa.
Asto-Erroskila: Astoari buztanean jartzen zitzaion babesgarria, mina ez hartzeko.
Eskatza: Ukuilu eta sukalde arteko pasiloari deitzeko era bat da “Eskatza”.
Pertza: Esnea biltzeko edo odolkiak egiteko txerrien odola biltzeko erabiltzen den baldeari deitzen zaio pertza.
Zapinak:Baserrietan/etxean erabiltzen ziren artilezko galtzerdiei deitzen zitzaien. Hitz honetatik dator gure herrian etxeko zapatei “Txapinak” deitzeko ohitura.
Galdotxa: Arto landarearen loreari deitzeko era bat da Galdotxa.
Ahardia: Txerri emeari deitzeko era bat da ahardia hitza.
Ahesiak: Gurdiaren alboetan jartzen diren zurezko bi piezei deitzeko era bat da.
Aiubrea: Belar mota bat da, behiei jaten emateko erabiltzen dena.
Apopiloa: Morroiei deitzeko beste era bat da apopilo hitza.
Apotea: Hazietarako erabiltzen den txerri arrari deitzeko era bat da.
Erea: Idiak eta behiak uztarrian lotzeko sokari deitzeko era bat da.
Azokako hitz edo esamolderik ezagutzen duzu? Bidali mezu bat esanahia azalduz.
Berreskuratu dezagun azokako hiztegia denon artean!