Nola hazten dira Onddoak? - Tolosako Azoka

Nola hazten dira Onddoak?

#Azoka lagunak #Produktuak
Gure inguruko basoetan aurki ditzakegu, baina ba al dakizu nola hazten diren onddoak?

Non hazten dira?

Onddoa lur azpian jaiotzen da, egur, hosto edota beste elikagai iturri batzuen tartean, eta sare txuri baten itxura hartzen du. Sare horri “Mizelioa” deitzen diogu.

Baldintzak onak badira (bereziki elikagaien presentzia, hezetasuna eta tenperatura), mizelio horretatik eguneko argia bilatuko duten kimu txikiak sortuko dira. Hauxe da perretxiko baten sorrera hain zuzen ere.

Perretxiko hori, normalean kolore txurikoa den bola txiki baten itxuran haziko da hasieran, eta hazi ahala, aterki forma hartuko du.

Nola ugaltzen dira?

Aterki forma hori hartutakoan, ireki eta milioika espora txiki askatu eta erortzen hasiko dira. Espora horiek haizeak sakabanatu eta lurrean edota hildako egur zatiren batean amaitzen badute, beste onddoo bat sortzen hasiko da. Beraz, esan dezakegu perretxiko bat lur azpian hazten den onddo handiago baten fruitua izateaz gain, bere ugalketa organua ere badela.

Nola hazten dira?

Onddoa osatzen duen sarea ikusiz gero, oso sakabanatua dagoen eta oso sendotasun gutxi duela ikus daiteke. Nola liteke baina hain gorputz sakabanatua izanik, hain denbora laburrean hainbeste perretxiko sortzeko gai izatea? Erantzuna uste baino sinpleagoa da.

Animalia edota landareak ez bezala, perretxikoa ez da zelula zatiketaren bitartez hazten. Hau da, ez ditu zelula gehiago sortu behar hazteko, eta energia asko aurrezten du horrela. Garatzen hasi bezain laster, onddo batek perretxiko helduak izango dituen zelula kopuru bera du.

Perretxikoa zelula handiketaren bitartez handitzen da, hau da, zelula berriak sortu beharrean dituen zelulak puztuz. Zelula horiek urarekin handitzen dira, eta ura bere zeluletara ponpa daitekeen bezain azkar handitu daiteke. Arrazoi honengatik txikitzen dira onddoak sukaldatzean, euren barnealdean duten ur asko galtzen dutelako.

Horrela, perretxiko bat, ile baten tamaina izatetik kilo erdi baino gehiago pisatzera pasa daiteke ordu gutxi batzuetan.