Romaneskoa, barazki ederrena - Tolosako Azoka

Romaneskoa, barazki ederrena

#Azoka lagunak #Baratza #Produktuak
Azalorearen familiako neguko barazki hau ezezaguna da. Bere kolore eta forma pikutsuengatik bereizten da, eta propietate ugari ditu.

Ezin ukatuko dugu barazki polita dela romaneskoa, lore itxura ematen dioten dozenaka puntatxo horiei esker. Hain bereizgarria duen kolore berdeagatik eta bere itxura originalagatik nabarmentzen da, dagoen tokian dagoela. Baina barazki eder bat baina askoz ere gehiago da.

Duela urte gutxi heldu zen gurera, baina, ba al dakizu nondik datorren urte luzez  gure inguruko herrialdeetan kontsumitu izan den barazki hau? 

Gure inguruko baratzetan landatu eta jasotzea posible bada ere, barazki hau italiarra da jatorriz, Erroma ingurukoa, hain zuzen ere, eta bertatik datorkio izena. Oso ezaguna da gure inguruko hainbat herrialdetan, hala nola Alemanian, Frantzian eta, noski, Italian. Hainbat eratara kozinatzen dute gainera: egosia, lurrunetan egosia, labean… Asko dira barazki hau kozinatzeko aukerak.

Romaneskoa Brassicaceae familiako barazkia da. Zer esan nahi du honek? Ba, azalorearen edota brokoliaren lehengusua dela. Bi barazki hauen arteko nahasketa bat dela esaten bada ere, ez da egia, romaneskoa barietate guztiz independentea baita.

Zeintzuk dira romaneskoak dakartzan onurak?

Romaneskoa, “Super elikagai” gisa hartu daitekeen elikagai horietako bat da, asko baitira dituen onurak. Horien artean, kolesterola jaisten laguntzea, antikantzerigenoa izatea, diuretikoa izatea edota bihotzaren osasun ona mantentzen laguntzea. Gainera, C bitamina iturri da, baita potasio edota azido foliko iturri ere.

Hau guztia irakurri ondoren, badakigu zein izango den burura etorriko zaizun lehenengo galdera: Zer zapore du romaneskoak?

Romaneskoaren zaporea azaltzeko, bere bi lehengusuetara jo behar dugu berriz ere. Barazki honen zaporea, azalorearen eta brokoliaren artekoa dela esan daiteke, azaloreak baino zapore biziagoa, baina brokoliak baina suabeagoa izanik. Ez da bere lehengusuak bezain haizetsua, baina badu, azaloreak bezala, gozo puntu bat ere. 

Neguko barazki hau Tolosako Azokan aurki daiteke, eta artikulu honek ikusmina piztu badizu, probatzera gonbidatzen zaitugu!