Ibarra erdiguneko altxorretako bat: Peña familiaren Zume baserrira bisita - Tolosako Azoka

Ibarra erdiguneko altxorretako bat: Peña familiaren Zume baserrira bisita

#Baserria
Beso zabalik hartu gaitu Pio Peñak Ibarrako Zume baserrian. Baratzari lotua dagoen familia da berea: mende bat pasatxo daramate bertan barazki eta landareak ereiten.

Gogoeta batekin hasi dugu hitzaspertua: “Altxorra da Ibarrako erdigunean baratzeak ikusten jarraitzea”. Eta ez zaio arrazoirik falta Piori.

Negukoa baino udakoagoa den egun eguzkitsu honetan, bizi bezain argitsu nabari da ingurua. “Asko aldatu da Ibarrako paisaia, orain baserri gutxi batzuk geratu gara erdigunean, baina beste itxura eta kolore bat ematen diote herriari. Akaso ez diogu behar bezain beste balio ematen horri”.

Baina ez da itxura kontua bakarrik: osasuna eta bizi kalitatea ere bada: “Plazatik metro gutxira ereindako barazkiak dira gureak eta alboan ditugun baratzetakoak. Hau bai dela bertako produktua”. Larunbatero bisitatu ohi duten Berdura Plaza ere ez dute urrun. 

Bost belaunaldi

“Jose, aita, zortzi bat urterekin hasi zen gurasoekin Azokara joaten; gurdian jaisten ziren. Nik ere txikitatik ezagutu nuen bizimodu hau”. Kate horren laugarren belaunaldikoak dira Pio eta emaztea, baina ez da azkena, orain Iñaki semea ere aritzen baita lanean.

Inork gutxik esan lezake bost belaunaldiz eutsi diola baserriko lanari. Eta aurrera begira segida emateko gogorik ez zaie falta: “Asko aldatu da guztia eta ez da batere erraza, baina ematen duen bitartean jarraituko dugu”.

Jose eta Pio Peña, ezker eskuin.

Bada, aldatu, zertan? Orain, ekoizleek traba gehiago jasan behar dituztela dio: “Tresneria moderno eta berrikuntza ugarirekin baratzeko lana erraztu den arren, tramite eta eskakizun ugari bete behar izaten ditugu: baimenak, etiketak, pasaporte biosanitarioak…”. 

Azoka ere eraldatu dela dio: “Jende gutxiago dator, eta batez ere helduak. Gazte batzuk bai, eta poztekoa da, baina ez da lehengo bera. Erosotasuna bilatzen du jendeak: supermerkatu handi batera kotxez joan, eta aste osorako erosketa egitea”.

Baratzeko lanaz

Lurra lantzeko eginbeharrak gutxi aldatu dira, ordea: “Ez badiozu ematen, ez dago ezer ateratzerik”. Hala ere, klima aldaketarekin dena aldrebestu dela ere aitortu du: “Lehen gutxi gora behera bagenekien zein eguraldi egingo zuen, baina orain egun batetik bestera aldaketa handiak izaten dira. Azken asteotako beroa ez da ohikoena, eta gero bat-batean izotza egin dezake. Horrek uzta oso bat kolokan jar lezake”. 

Hori ekiditeko, baratza “egunero-egunero” bisitatzen du Piok. “Batzuetan begiratu besterik ez da egin behar, baina horrek izurriteak edo bestelako kalteak identifikatzen lagun lezake”. 

Gainerako jakintza ugari belaunaldiz belaunaldi pasatakoak diren arren, Piok nahiz Iñakik agronomiari buruzko ikasketak dituzte. “Hori garrantzitsua da, baina lanean baratzean ikasten da, lurrak berak erakusten dizu”, aitortu du ibartarrak. 

Garaikoa nagusi

Garaian garaiko produktuan zentratzen dira Zume baserrian. Sasoi honetan tipulak, azak, borrajak, brokoliak edo espinakak dira gehien saltzen dituzten barazkiak; udaberriarekin batera, tomatea, porrua eta piparra dira izarrak. 

Piparra esaterako, etxeko haziarekin egiten dute, aza bezala. “Belaunaldiz belaunaldi gorde dugun haziekin ereiten dugu urtero. Beste batzuk erosi egiten ditugu”. 

Hori ere bada altxorra. Eta altxorrak, ondo babesteko daude.