Euskal baratzetan ohikoa da piperminak ikustea. Ondo hazten dira gurean eta gero, gainera, modu askotan jateko aukera izaten da. Ez dira, ordea, denak berdinak. Ibarrako piparra Gipuzkoako Ibarra herrian ekoitzitako pipermina da.
Bertan, XX. mende hasieran baratzaren iskin batean, perrexil moduan, gorritu arte uzten zen piperra. Ondoren, garrafoietan sartzen hasi ziren, eta gero etorri ziren pipar frijituak, “langostinoak”, Eusko Labelean sartzea eta herriko ikur bilakatzea, hamaika festaren erdigune.
Klasiko amaigabea
Ibarrako piparrarena historia klasikoa da. Tradizioaren ahotsetik kontatutakoa, oroimenak etengabe elikatua. Eta hala ere, inobazioarena ere bada. Ugariak dira fruitu honen emariak, eta ziur ez dituzula denak ezagutzen.
Lehenengo, hasiera
Jatorri amerikarreko fruitua da piperra, XVI. mende inguruan heldu zena gurera. XIX. mende amaierarako ezagunak ziren Ibarrako piper morruak eta piperaundiak. XX. mende hasieran, jada, leku eta forma askotara zabaldu zen piparraren produkzioa eta kontsumoa.
Zer da, gaur egun?
Kolore berde-horixka duen fruitua da, azal finduna, mami samurra eta zapore suabea ere badituena. Eusko Labela duen Ibarrako Pipar mota autoktonoa da eta, nagusiki, Gipuzkoan ekoiztu eta ontziratua. Garraztasun eta gatz kopuru gutxiko ardo txuriaren ozpinetan ontziratzen da.
Etengabeko zabaltzea
Hazten jarraitzen du piparrak, bere ibilbidean aurrera eginez. Izan ere, piparraren aldaera berrien artean daude pipar txerri-burua, txistorra berdea, pipar-hautsa, pipar-moussea edota txokolatea.
Arane1559 Euskal Herriko lehen piperrautsa da. Ibarrako piparra erabiltzen dute piperrautsa egiteko. Zehazki, kolore gorri bizia hartu arte landarean heltzen uzten den piperra. Orduan biltzen da, lehortu eta ondoren piperrautsa egiteko.
Txokolate beltza ere egiten da Ibarrako piparrarekin. Rafa Gorrotxategi gozogileak egindako txokolate artisaua da, intxaur pekanoekin, pistatxoekin, ahabiekin, gatz-ezkata finekin eta Ibarrako pipermin ospetsuen ukitu delikatuduna.
Zubelzu piper-moussea haragi eta arrain plater desberdinen laguntzaile izateko dago diseinatuta, baita saltsen moduko elaborazioetan erabiltzeko ere.
Haragi jatorrizko produktuetan ere erabiltzen da, hala nola Barriola harategiaren txistorra berdea egiteko eta Xubero autore txarkuteriaren produktuei ukitu berezia emateko.