Espinaken onurak eta mito faltsuak - Tolosako Azoka

Espinaken onurak eta mito faltsuak

#Azoka lagunak #Baratza #Produktuak
Popeie marinelaren jaki gustukoena izanik, izugarrizko indarra ematen zioten jaten zituen bakoitzean. Hau, eskaintzen duten burni kopuruagatik zela uste genuen baina, egia al da?

Gaurkoan gure inguruko azoka eta dendetan aurki dezakegun barazki nutritiboenetako baten inguruan hitz egingo dugu: Espinaka. Ziazerba bezala ere ezagutua, berde bizi kolorekoa eta zapore handikoa da, mantenugai asko eskaintzen ditu eta oso kaloria ahalmen txikia du, beste jaki batzuen akonpainamendu moduan jateko edota argaltzeko dietetarako oso egokia izanik.

Asko dira espinakek gure osasunari eskaintzen dizkioten onurak: proteina eta kaltzio iturri da, (kaltzioa esnetik ez datozen beste elikagai batzuen bidez sartzea ahalbidetuz) eta baita zink, betakaroteno eta azido foliko iturri ere, besteak beste.

Mito faltsuak

Hala ere, espinaka ezergatik nabarmendu izan bada, burdin ekarpen handiagatik izan da. Baina ba al zenekien burdinaren ustezko ekarpen hori denboran zehar hedatutako mito faltsu bat besterik ez dela?

Espinakek eskaintzen duten burdin kantitate horren inguruan sortutako mitoa, Erich von Wolff zientzialari alemaniarrak elikagaien nutrizio-taula berriak sortzean egindako akats baten ondorio da. Espinaken nutrizio-balioak erregistratzerakoan, hamartar batean nahastu zen, eta espinakek 100 gramoko 40 miligramo burdin dituztela erregistratu zuen, benetan 100 gramo espinaketan 4 miligramo burdin besterik ez daudenean.

Azken datu hau ez da batere txarra, balio altua izaten jarraitzen baitu, baina ez da uste bezain altua, eta badira espinaka 100 gramoko burdin kantitatean gainditzen duten beste elikagai batzuk, hala nola txirlak (24mg./100gr.), dilistak (7,1mg./100gr.) edota almendrak (4,2mg./100gr.).

Asko izan dira mito faltsu hau indartu duten faktoreak, baina ezagunena marrazki bizidunetako “Popeye” pertsonaia izan da. 1929an, mundua elikagai eskasia eragin zuen ekonomia atzeraldi handi batean murgildurik zegoela, Elzie Segar marrazkilariak espinakak jaten zituen bakoitzean gizakiaz-gaindiko indarra jasotzen zuen Popeye izeneko pertsonai ospetsua sortu zuen.

Erreferente hori izanik eta elikagai merkea eta ekoizteko erraza izanik, espinaken kontsumoa izugarri areagotu zen, burdin kopuru handia zutela zioen mitoa areagotuz. 

Bada erdizka kontatutako beste egia bat ere, espinakak gordinik kontsumituz gero osasungarriagoak direla dioena. Egia da espinaken mantenugai asko galdu edo murriztu egiten direla hauek kozinatzean, eta, beraz, mantenugai gehiago ematen dizkigutela gordinik kontsumituz gero, baina hau ez da beti komenigarria.

Espinakek kaltzio ugari dutenez -hosto berdeko barazki gehienek bezala-, hauek gordinik jatea ez da gomendagarria haurrentzat edota giltzurrun-arazoak dituztenentzat, giltzurrunean edo besikulan arazoak sor baititzakete.

Espinaken inguruan dauden mito eta bitxikeria hauek argitu ondoren, esaiguzu, nola kozinatzen dituzu zuk espinakak? Ba al zenuen bi mito hauen berri? Eta, bide batez, gogoratu, beti bezala, Tolosako Azokan espinaka freskoak aurki ditzakezula.