Azalorea eta emmental gazta, bikote zaporetsua - Tolosako Azoka

Azalorea eta emmental gazta, bikote zaporetsua

#Errezetak
Azalorearen sasoi betean sartuta, bere zaporea eprobetxatu eta modu berrietan sukaldatzera ausartzeko errezeta prestatu dugu. Labean eta emmental gaztarekin.

Azalorea era askotara presta daiteke: lurrunetan, errea, frijitua, erregosia, irakina... edo gratinatua. Bakarrik jateko aproposa da, edo beste errezeta batzuetako goarnizio edo osagai gisa erabili daiteke. Oraingoan, ordea, labean kontsumitzea proposatzen dugu, emmental gaztarekin. Zaporetsua bezain erraza den errezeta batean.

Azokan erraz eskuratu daitezke osagaiak, eta ordu bete baino gutxiagoan, prest izango duzu negu girorako hain aproposa den errezeta. Ez galdu!

Errezeta: Azalorea labean Emmental gaztarekin

Osagaiak

Azalore ertain 1
125 ml. esne
2 arrautza
100 gr. Emmental gazta
Piperbeltza
Oreganoa
Gatza

Urratsak

  1. Lehenik, azalorea sorta txikitan zatitu eta, ur gutxirekin egosi, 10 eta 15 minutu bitartean.
  2. Egosten den bitartean, saltsa egiten hasi. Horretarako, esnea eta arrautzak irabiatu, nahasketa homogeneo bat lortu arte. Orduan, gaztaren erdia gehitu. Gainerakoa gainetik botatzeko utzi.
  3. Behin azalorea egosita, sutik kendu eta iragazi, ur guztia kentzeko.
  4. Labea 180º-tan berotu.
  5. Labeko erretilu batean jarri azalorea, eta gehitu gainetik egindako nahasketa. Gorde dugun gazta gainetik bota, baita piperbeltza eta gatza, nahi izanez gero.
  6. Labean 20 bat minutuz egin, doratu arte, eta zerbizatzerakoan oregano pitin bat bota.
  7. Eta gozatu!