Erleak dira gure baso eta baratzeei kolore biziak jartzearen arduradun nagusi. Polinizatzaile petoak izanik, eztia egin asmoz polena lore batetik bestera garraiatzen dute, bide batez landareen ugalketa ahalbidetuz. Gainera, prozesu honetan bertan lortzen dute jarraian proposatzen dizkizuegun eta hain preziatuak diren produktuak egiteko lehengai nagusia.
Eztia
Gaurkoan azalduko ditugun produktuen artean ezagunena da, baita aurkitzen errazena ere. Erleek loreen nektarra eta ura nahastean sortzen da, eta abaraskan gordetzean kontzentratu egiten da. %85ean azukrez eta %15ean urez osatua dago. Azukre kopuru handi horrek jaki oso iraunkorra izatea ahalbidetzen du, eta honi esker, urte osoan zehar aurki dezakegu Tolosako Azokan.
Zapore bizikoa da, goilarakada bat ezti ekoizteko 4.000 lore baina gehiagoren polena behar baita. Hidratatzeko ahalmen handia du, eta horri esker, eztarriko mina arintzen lagundu dezake. Esne beroarekin nahastuta eman izan digute goxatzeko, urarekin nahastuta gargarak egiteko, bere horretan koilarakada bat lotara jo aurretik… Nola hartzen da zuen etxean?
Erregina-jelea
Likido zuri, krematsu eta azido itxuran izaten den produktua da. Erlekumeen jaki nagusia da euren bizitzako lehen 3 egunetan, eta baita erle-erreginaren jakia ere, baina bere kasuan bizitza guztirako. Azken hau da erle-erregina gainontzeko erleengandik bereizten duena, eta hauen tamaina bikoitza izatea lortzen du.
Erregina-jalea Tolosako Azokan eros daiteke, eta mingain azpian pare bat tanta jarrita kontsumitzen da. Energia eta indarra ematen dituela esaten da.
Propoleoa
Erleek jariaturiko eta erretxin itxura duen produktu bat da. Euren erlauntzak osatzeko erabiltzen dute batzuetan, eta bertara bakteriak sartzea saihesten du. Bere horretan edo uretan disolbatuta aurki daiteke, eta zenbait kasutan ahoko hanturak edota infekzioak saihesteko baliabide natural moduan erabili ohi da.
Hiru produktu hauek azaldu dizkizuegu, baina azken bitxikeria bat. Ba al zenekiten hasiera batean erlezaintzak ez zuela hiru produktu hauekin inolako zerikusirik? Erromatar garaian elektrizitaterik ez zegoenez, erle-argizariz eginiko kandelak egiteko sortu zen erlezaintza, eta kontsumorako jaki hauen ekoizpena urte batzuk beranduago hasi zen.