Kalea: gelditzeko iritsi da. Baina zer da, eta nola kontsumitzen da? - Tolosako Azoka

Kalea: gelditzeko iritsi da. Baina zer da, eta nola kontsumitzen da?

#Azoka lagunak #Errezetak #Produktuak
Aurreko astean Bi-mia aurkeztu ondoren, gaurko artikuluan azaren familiakoa den Kaleari buruz hitz egingo dizuegu. Izan ere, Tolosako Azokara iritsi zenetik denbora dezente igaro bada ere, kontsumitzaileentzat ezezaguna da oraindik.

Kalea probatzeak merezi du. Antioxidatzaile kopuru handia duen superelikagai bat izateaz gain, burdin, kaltzio eta A, C eta E bitaminen iturri ere bada. 

Jatorri asiarreko barazkia da, brassica Oleracea du izen zientifikoa, eta honek azaltzen duen bezala, brokoliaren, azaren edota aurreko astean aurkeztu genizuen bi-miaren familia berekoa da.

Kale mota ezberdinak aurki ditzakezue Tolosako Azokan, esaterako, Aritzeta postuan. Aniztasunaz gain, arrazoizko prezioa du, gainera. 

Hortaz, zeren zain zaude kalea dastatzeko? 

Nola kozinatu Kalea?

Modu asko daude kalea prestatzeko, gordinik edo kozinatuta kontsumitu baitaiteke. Gaurko artikuluan hiru era aurkeztuko dizkizuegu:

Kale, platano eta sagar irabiakia

Esne edo edari begetal kikara bat, kikara bat kale, sagar bat eta platano erdia irabiatuz, gosaltzeko oso aproposa den irabiakia egin daiteke. Kalea kontsumitzeko modu paregabea da, batik bat, entsaladen lagunak ez direnentzat. 

Kale, kinoa, gazta eta intxaur entsalada

Otordu arina egin nahi dugunerako oso aproposa. Anoa baterako, lau kale orri, kikara bat kinoa (15-20 minutuz egosi ondoren), eta norberaren gustura gazta freskoa eta intxaur batzuk gehituta prestatu dezakegu. 

Hori bai, gomendio bat: kale orriak entsaladan jatera bazoaz, orriak garbitu eta moztu ondoren, eskuekin igurtzi, bigundu daitezen. Aldea nabarituko duzu!

Garbantzuak kalearekin

Osagaiak (4 anoa):

-400gr. garbantzu

-200gr. kale

-Patata 1

-Tipula 1

-2 baratxuri

-Oliba-olioa

-Gatza

-1,5l ur

  1. Garbantzuak 10-12 orduz beratzen utzi. 
  2. Gehitu garbantzuak, patata eta ura presio-eltze batean eta egosi 40-45 minutuz.
  3. Garbantzuak samur daudenean, kalea gehitu eta beste 10-15 minutuz egosi.
  4. Baratxuria eta tipula zati txikitan moztu eta oliba-olioarekin sueztitu.
  5. Baratxuria, tipula eta oliba-olioa garbantzuei gehitu, eta beste 5 minutuz sutan utzi.

Prest izango dugu horrela gure garbantzu eta kale platera, egun hotzenetan jateko aproposa.