Azokako produktuak etxean landatzeko jarraibideak - Tolosako Azoka

Azokako produktuak etxean landatzeko jarraibideak

#Azoka lagunak
Prest zaude etxean zure azokako produktu freskoak landatzeko?

Etxean zure jakiak landatzea aukera paregabea da osasuntsu jateko. Baratze txiki bat izateak ez du esfortzu handirik eskatzen, baina garrantzitsua da oinarrizko zenbait gako eta aholku kontuan hartzea.

Hona hemen etxean modu erraz eta arrakastatsuan lau jaki hauek landatzeko urratsak:

1. Patata:

Patata erraz hazten da, baina lurra ondo prestatzea garrantzitsua da. Negu amaieran edo udaberri hasieran landatu, otsailetik apirilera bitartean.

  • Nola landatu? Moztu patatak zati txikitan eta lur azpian jarri, 25-30 cm-ko tartearekin. Garrantzitsua da ondo lurperatzea, eguzkitan berde bihurtzen direnak ez baitira jateko onak.
  • Gomendioa: Lehen loreak agertzen direnean, patatatxoak hasi dira sortzen. Hortik aurrera, gutxika-gutxika bildu ditzakezu.
  • Noiz jaso? Udaberri bukaeran patatak ateratzen has zaitezke, eta nahi baduzu, gehiago heltzen utzi udarako.

2. Uraza edo Letxuga:

Letxuga oso azkar hazten da eta urte guztian landatu daiteke. Egokiena udaberri eta udazkenean landatzea da.

  • Nola landatu? Letxugak ondo hazteko, 25-30 cm-ko tartea behar du. Hasieran ureztatu pixkanaka, beheko hostoak ustel ez daitezen.
  • Gomendioa: Pixkanaka landatu, etorri ahala jateko. Ez utzi gehiegi handitzen, bestela gogortu egingo da.
  • Noiz jaso? Letxuga ez da guztia batera moztu behar; hosto handienak hartu eta fresko jan.

3. Zerba edo Azelga:

Zerbak hotza oso ondo jasaten du eta urte osoan jaso daiteke. Udaberri eta uda hasieran landatzea da gomendagarriena. 

  • Nola landatu? Lurra ondo prestatu eta 40 cm-ko tartea utzi landareen artean. Erdi-itzalean ere ederki hazten da.
  • Gomendioa: Ez landatu gehiegi! Landare bakar batek denbora luzez emango dizu hostoak.
  • Noiz jaso? Kanpoko hosto handienak moztu, eta barrukoek hazten jarraituko dute.

4. Tipulina:

Tipulina oso erraza da landatzeko eta lur gutxirekin ere hazi daiteke.

  • Nola landatu? Neguan edo udaberrian jarri, 15 cm-ko distantziarekin, eta leku eguzkitsu bat aukeratu.
  • Gomendioa: Belar txarrak eskuz kendu, landarea hobeto hazi dadin eta lurra ez bustitzeko.
  • Noiz jaso? Tipulinak burua osatzen duenean jan daiteke, baina hostoak ere oso onak dira entsaladarako.

Lau jaki hauek erraz hazten dira eta etxean beti izango dituzu fresko eta prest jateko. Baratza zaintzea modu polita da naturarekin konektatzeko eta zure otorduak osasuntsuago egiteko.

Eta nondik hasi? Hazi egokiak aurkitzea da lehen urratsa. Tolosako Azokan, zure baratzea sortzeko behar dituzun haziak eta landareak eskuragarri dituzu. Zatoz, aukeratu kalitatezko haziak, eta hasi gaur bertan landatzen! Bertako ekoizleek aholkuak ere emango dizkizute, zure baratze txikia ahalik eta ongien loratu dadin.

Zer landatuko duzu lehenengo?