Gure herriko enbaxadorerik ezagunena eta udazken garaiko gutiziarik bereziena den Tolosako Babarruna, izatez, babarrun landare igokariaren fruitua besterik ez da. More ilun kolorekoa da (ia beltza, hortik “perla beltza”), itxura obalatua du, eta taktuz leuna da. Bestalde, azal fina du. Honen ondorioz, beste babarrun mota askorekin gertatzen ez den bezala, Tolosako Babarruna kozinatzeko ez da aurreko egunean uretan beratzen eduki behar (gogoratzen zara blogean zintzilikatu genuen errezetaz, ezta?).
Udazken hasiera aldera jasotzen da babarruna, eta orduan topatu ahal izango dugu Tolosako Azokan eta beste zenbait saltokietan; baina uzta garaiz jaso ahal izateko, maiatza amaieran edota ekainean zehar erein behar izaten da.
Udako egun beroetan hazten den landare igokaria da babarruna, eta igokari izate horrek eragiten du askotan arto-landareekin edo sareekin batera landatzea. Etxean baratza landatzen ikasteko ikastaroan aipatu genuen bezala, arto-landarearen eta babarrun-landarearen arteko asoziazioa oso onuragarria da bi landareentzat, izan ere, artoak babarrunari igotzeko zuztarra eta alea fina izateko itzala ematen baitizkio, eta babarrun landareak lurrean arto landarearentzako onuragarria den nitrogenoa pilatzen baitu.
Gaurkoan Tolosako Babarrun Elkarteko Xabier Goikoetxearekin izan gara Tolosako Montesku auzoan duten baratzean, duela pare bat aste erein zituzten babarrun landareak nola hazi diren ikusteko.
Xabierrek kontatu digu babarruna ereindakoan landarea ernatu dadin ezinbestekoa dela lurra epela izatea, eta horregatik landatzen dela ekaina inguruan, lurra dagoeneko nahiko beroa izaten baita. Euria lagungarria da gainera ernetze prozesu horretan; baina zaparrada edota eurite handiak arriskutsuak omen dira, gure inguruko lurrak buztintsuak baitira eta eurite handien ostean landareari lurrazaletik irtetzea kostatzen baitzaio.
Tolosako Babarruna eskuz ereiten da oraindik ere ereite-pistola bat erabiliz, eta horretarako erabiltzen den hazia aurreko urteetako uztetako babarruna izaten da. Xabierrek kontatu digu garrantzitsua dela babarrun ona gordetzea, kalitatezko babarrun haziak kalitatezko babarrun landarea emango baitu.