Ezagutzen al zenuen Bimia? - Tolosako Azoka

Ezagutzen al zenuen Bimia?

#Azoka lagunak #Baratza #Produktuak
Brokoliaren lehengusu japoniarra, azokara iristen azkena izan da Bimia. Gaurko artikuluan, Barazki Bizidunak-eko Mapiren eskutik aurkeztuko dizuegu.

Gauza berriak probatzeko inoiz ez dela berandu esan ohi da, eta horixe izango da gure ekoizleek pentsatzen dutena, noizean behin produktu berriekin harritzen baikaituzte. Tolosako Azokara iristen azken barazkia Bimia izan da, Berrobiko Telleri baserriko Mapiren (Barazki Bizidunak) eskutik.

Brokoliaren lehengusu japoniarra, “brokoli hobetua” omen da barazki hau. Zapore zein itxura ederrekoa, bere more kolore biziari brokoliarena baina zapore gozoagoa gehitzen zaio, barazki hau oso interesgarria eginik. Proteina zein zuntz iturria da, eta kaloria-ekarpen oso txikia eskaintzen du. Ezaugarri horiek “superjaki” bat egiten dute, eta nutrizionalki oso erakargarria gainera.

Hainbat eratako bimia aurki daiteke, mota ugari baitaude, baina Mapik Tolosako Azokara ekartzen duena barietate morekoa da.

Barazki osoa da jangarria, baita zurtoina ere, eta plantxan ala egosia kozinatzen da. Brokolia bezala, nahi izanez gero gordinik ere kontsumitu daiteke. 

Irailean landatzen da, eta Mapik azokan eskaintzen duena guztiz ekologikoa eta eskuz jasoa da. Era honetara, barazki bakoitzak bere ekoizpen prozesu naturala jarraitzen uzten dio Mapik, garaian garaiko produktu fresko eta mantenugaiez beteak ziurtatuz.

Pena da aurtengo uzta amaitzear egotea, uzta berriei txanda pasatzeko garaia iristen ari baita, baina larunbat honetan Tolosako Azokara gerturatuz gero azken aleak aurkitu ahalko dituzue Mapiren postuan (etorri goizean goiz, ez da kantitate handia izango eta!).

Ez gaude produktu berriak probatzera ohituak, baina hasieran esan dugun bezala, ez da inoiz berandu gauza berriak probatzeko, eta Bimia probatzeak merezi du.