Baserritik mahaira: Eneko Imaz Amianok azokagileen egunerokoak eta sekretuak kontatu dizkigu - Tolosako Azoka

Baserritik mahaira: Eneko Imaz Amianok azokagileen egunerokoak eta sekretuak kontatu dizkigu

#Azoka lagunak
Beso zabalik jaso gaitu Eneko Imaz Amiano azokagileak Elduaingo Allanegi baserrian. 2013az geroztik baratzean dihardu egunez egun Enekok. Barazki ekologikoak hazten ditu bertan, bai kanpoan eta baita negutegian ere, eta azokako postuaz gain kontsumo taldeak hornitzen ibiltzen da astean zehar, baita Ibarrako ikastolako jangela ere.

Baratzarekin eta baserriarekin betidanik lotura izan duen arren, 2013an hartu zuen Enekok ekoizle lanetan jarduteko erabakia. “Ibarrako kontsumo taldean nire produktuak saltzen hasi nintzen lehenik, eta 3 urte beranduago, 2016an azokara egin nuen salto”, azaldu digu. 

Eguneroko lanaz, produktu ekologikoaren alde eginiko hautuaz, eguraldiaz eta urtaroek azken urteotan izan duten bilakaeraz, edota kontsumo ohiturak izan ditugu hizketagai.

“Duela zenbait urte ez nuen horrelakorik imaginatzen. Beti izan dut lotura baratzarekin eta baserriarekin, baina ez modu honetan. Hala ere, erabakia hartu nuenean oso argi izan nuen, gustoko dut hau”, azaldu digu lehen momentutik. Bertako produktua zaindu, ekoitzi, eta herritarrei eskaini, hori da, hein batean, azokagileen eta gure protagonistaren helburua. 

Urtaroek eta eguraldiak izan duen bilakaeraz

Solasaldia hasi, eta metro gutxiren bueltan egin dugu lehen geldialdia. Azken urteetan baratzaren eta produktuen landaketaren bilakaera azaldu digu. Aurtengo uzta euriak baldintzatu du, ez baitu ia etenik eman. “Azken 14-16 hilabeteetan ia ez da aterrunerik egon, eta honek erabat baldintzatu du gure eguneroko jarduna. Orokorrean, azken urteotan, bilakaera nabarmena jasaten ari garela esango nuke. Udaran, ez dugu behar bezain beste eguzki, eta neguak berriz epelagoak dira urtez urte”.

Pasa den udaran, adibidez, baratza eta bertako landareak “kolore eta energia faltarekin” sumatu zituen azokagileak. “Landareek eguzki falta somatzen dute batetik, eta hotz falta bestetik, eta hori nabari da”, berak dioenez. Beti izan dira urte kaxkarragoak, baina azken urteeotan ‘joera’ moduko bat nabari dela dio. Eguraldi aldrebesak uzta kolokan jar dezake. Hori ekiditeko, eguneroko lana eta ‘gainean egotea’ ezinbesteko osagai dira.

Bilakaera ‘negatibo’ edo aldrebes honen aurrean, ordea, erantzun argia eman digu Enekok. “Azken garaietako joerak ez digu laguntzen, baina honen aurrean, bi aukera posible ditugu. Eguraldiaz kexatzen pasa dezakegu egun guztia, edo alternatibak bilatu. Nik argi daukat, ez dut egoeraren aurrean negarrik egingo, beti dago aukera berriak probatzeko alternatiba. Landare berriak landatu, egoerarik onenean ez bada ere landaketak egin… horretan ere aritzen naiz ni”, defendatu du.

Ekologikoaren hautuaz

Ekologikoaren aldeko apustu egiteak, tratamentu eta baldintzei dagokienez, muga bat suposatu lezake. Hala ere, lurrak emandako produktuak ‘manipulaziorik gabe’ tratatzearen garrantzia azpimarratzen du Enekok. “Zenbaitetan, eguraldiaren ondorioz edo beste hainbat arrazoiengatik landareari ongarri kimikoren bat botatzea izan liteke konponbiderik azkarrena, baina hori ez da gure bidea”, dio. Produktu ekologikoen aldeko apustuak muga bat dakarrela pentsatu daitekeen arren, muga baino ‘hautua’ dela defendatzen du azokagileak. 

“Oso garrantzitsua lurra ondo zaintzea, eta egunero gainean egotea”. Hautua ez ezik, konpromezua ere bada ekologikoaren zihurtagiria izatea, azterketa eta kontrol zehatzak pasatzen baitituzte ekoizleek.

Kontsumoaren bilakaeraz

Enekok azaldu moduan, garaiak aldatzen doaz, eta honekin batera, baita kontsumo ohiturak ere. Garian garaikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratzen dugu askotan, baina zenbait saltokitan, urte guztian zehar, garai, urtaro eta mota guztietako produktuak izan ohi ditugu. 

Duela pare bat aste, azokako postuan, kalabazinik ba ote zuen galdetu zion bezeroak Enekori. “Adibide bat besterik ez da, baina kalabazinak udan kontsumitzeko produktua dira. Nik, ezetz esan nion bezeroari, udan izango nituela. Dendetan berriz, produkzio masifikatuaren ondorioz, urte guztian lor ditzakegu”, azaldu digu. Hala ere, jendeak azokarekiko duen konpromezua azpimarratu du azokagileak. “Garaian garaikoa kontsumitzeko hautua egin duen jende asko dago. Agian, edonork ez daki produktu bakoitza zein garaikoa den, baina hori normala da. Horretarako gaude gu, herritarroi laguntzeko eta baratzaren nondik norakoak azaltzeko. Azken batean, nor azokagileak baina hobe, gai honen ingurua herritarrei irakasteko?”. 

 “Azokara eta kontsumo taldera produktuak eramatean, beti azpimarratu ohi dut gurea ez dela denda bat. Gurea baratzetik ateratzen dugun produktua da, eta beraz, garaian, garaikoa, hori da defendatu behar duguna”, gaineratu du.

Etorkizuna landu, etorkizuna zaindu

“Zailtasunak zailtasun, eremu eta produktu bikainak ditugu, baina laguntza, babesa, eta baliabideak behar ditugu”. 

Egunerokoan konpromezua eta jarraipen handia eskatzen du baratzak. Baina, ofizio izateaz gain, afizio ere badela onartu digu azokagileak. Hala ere, etorkizunean azokaz eta bertako produktuez gozatzen jarraitu dezagun, landu eta zaindu beharreko mundua dela ere defendatu du.