Helburua, Tolosako Babarrunaren atzean dagoen lana ezagutu eta ikustaraztea izan da. Orain dela gutxi ereindako babarruna dagoeneko ernaldu dela erakutsi digu Sudupek.
Urretxuarra da Estitxu eta bertan du baratza, baina Xabier Goikoetxeak konbentzituta hasi zen Monteskuko soro honetan lehen babarrunak ereiten. Elkarteko traktoreak erabilita ematen diote buelta lurrari apirila-maiatza inguruan, eta ondoren plastikoak eta sarea jartzen dituzte. Bada jendea babarrunaren landarea tente mantentzeko babarrun aleen artean artoa ereiten duena, baina honek ekoizpena jetsi egin ohi du.
Babarrunak berriz eskuz ereiten dituzte, eta lagunek laguntzen diote gero soroan: belar txarrak kendu behar izaten dira astez aste. Landare hauek ez dira inungo momentutan ureztatzen; euriak bustitzen ditu soilik. Horregatik, Tolosako Babarrunaren uzta klimaren menpe egon ohi da beti.
Pilarika egunaren bueltan uzta jasotzen hasiko dira, eta ondoren ganbaran lehortzen utziko da, aletzeko moduan egon arte. Eskuz jasotzen da beti uzta, eta hau izan ohi da babarrunak ematen duen lanaren %75a.
Iaz 640 bat kilogramo babarrun eskuratu zituzten Gorridiko soroan, behin garbituta. Elkartean guztira 18.500 izan ziren bildutako kilogramoak.
Xabier Goikoetxeak kontatu digunez Babarrunaren Elkartean 35 ekoizle daude gaur egun, eta beraien soroetan Tolosako perla beltza erein dute. Denek ez dute soroa Tolosan, baina elkarteko ziurtagiria duen babarruna da ereiten dutena. Ondoren hau “Tolosako Babarruna” markapean saltzen da, euren trazabilidadearekin. Aurtengo uztak “itxura ona” duela aipatu dute ekoizleek, eta guk ere hala frogatu ahal izan dugu, ereindako aleak ondo heldu baitira lurrera.
Elkartetik gazteei Tolosako Babarruna ereiteko gonbidapena luzatu nahi izan zaie, sektorearen eta elkartearen etorkizuna bermatzeko belaunaldi berriak proiektura batzea ezinbestekoa delako. Eta zu, animatuko zara?