Ale txiki eta berdekoa, urteko lehen hilabeteetako erregea da gure inguruko baratzetan. Joan den astean urteko sasoiko lehen ilarrak eraman zituen Nestor Errasti ekoizleak Tolosako Azokara, eta segituan saldu zituela kontatu digu. Izan ere, gure osasunerako onuragarri diren propietatez betea izateaz gain, jaki aproposa da mota guztitako platerak osatzeko, baita lagungarri moduan jateko ere.
Ilar landarea urriaren amaieran edo azaroaren hasieran landatzen dela kontatu digu Nestorrek, eta Tolosako babarrunaren antzera landare igokaria denez, mimo berezia behar zaiola adierazitako norabidean hazteko.
Otsailaren erdialdetik Martxo erdialdera hasten da ilarra biltzen. Prozesu neketsua da, ilar-lekak banan-bana bildu behar baitira heltze-puntu optimoan daudenak bakarrik jasotzeko. Ilarrak modu artisauan aletzen jarraitzen du, izan ere, produktuaren fintasunak -zati handi batean urez daude osatuak-, eragotzi egiten baitu modu mekanizatuan egitea.
Bitxikeria bat, ba al zenekiten ilar aleak jaso ahala, ilar landareak gehiago emateko joera izaten duela?
Aukera handia dago ilarretan: zarba handiakoak, ertainekoak edo txikikoak, goizeko edo berandukoak, ale txikiko zein ale handikoak…
Malko-Ilarrak, ilarrik berezienak
Baratzeko urrea edo kabiarra bezala ere deituak, malko-ilarrek, euren tanta forma bereziari zor diote izena, haien prezioa entzutean izaten den erreakzioagatik dela esaten duen inor ere baden arren. Txantxak alde batera utzita, gure lurretan lantzen diren jakirik berezienetako bat dira, eta haien prezioa justifikatuta dago platerera eramateak dakarren lana aztertzean.
Oso kalitate handiko produktua dela eta eskuz erein, zaindu, bildu eta xehatzen dela abiapuntutzat hartuta, segituan hasten gara balorazio oso altu horren zergatia ulertzen.
Leka bakoitzak, 6-9 ilar malko izaten ditu barruan batez bestez, eta kilo bakoitzeko 60-70 gramo ilar malko lortzen dira. Horrela, kilo bat lortzeko, batez beste 12.000 ilar malko behar direla kalkulatzen da.
Oso lekale berezia da kontsumitzerako garaian; izan ere, ur kantitate handia duenez, ahoan lehertzen den sentsazioa sortzen du. Ala izango da, duela urte mordotatik nazioarteko jatetxe ezagunenek ere gutizia hau lortzearren gure inguruko ekoizleengana jotzen baitute.
Nestorren baratzera egindako bisita honekin ahogozoa egin zaigu guri 🤤, eta zuek, nola kozinatzen dituzue ilarrak? eta probatu al duzue inoiz malko-ilarra? Kontaiguzue!