Kalabaza nola kontserbatu - Tolosako Azoka

Kalabaza nola kontserbatu

#Azoka lagunak #Produktuak
Kalabaza ez da udazken garaiko barazkirik ezagunenetako bat bakarrik. Gure plater gazi zein gozoetan erabiltzeko aproposa ere bada, eta gure osasunerako onuragarriak diren propietateak ditu.

Asko dira kalabazak eskaintzen dizkigun onurak, horien artean:

-Odoleko glukosa-maila kontrolatzen lagungarri izan daiteke, diabetesaren agerpena saihesten lagunduz.
-A bitamina asko izateak begi-osasunari mesede egiten dio.
-Digestioa moteldu eta gosea saihesten laguntzen digu, argaltzeko dietetarako aproposa izanik.

Kalabaza hainbat eratara mantendu dezakegu denbora luzez, gure hozkailu edota izozkailuan, onura horiek guztiak mantenduz.

Denbora gutxirako, hozkailuan

Kalabaza denbora tarte txikian jateko asmoa badugu, ez da beharrezkoa izozkailuan jasotzea. Kasu honetan, nahikoa da hozkailuan sartzearekin. Aukerarik onena hutsean ontziratzea da, eta honetarako, kalabaza zuritu eta zatitxoetan zatituko dugu. 

Hutsean ontzirako makinarik ez badugu, ontzi batean jaso dezakegu, baina kontuz, kasu horretan kalabazak ez baitu hainbeste denbora iraungo.

Aholkua: Sukaldatzerako orduan praktikoagoa izan dadin, behar dugun kantitateko pakete txikietan banatzea gomendagarria da.

Denbora luzerako, izozkailuan

Hutsean ontziratzeko jarraitu ditugun pauso berdinak jarrituko ditugu kalabaza izozkailuan jaso nahi badugu. Baina oraingoan izozteko poltsetan edota ontzietan jasoko dugu kalabaza, toki libre pixka bat utziz, hau da, hotsean ontziratu gabe. Kontutan izan kalabaza, neurri handi batean, urez osatua dagoela eta, beraz, handitu egingo dela izoztean. 

Beste aukera bat, kalabaza gordina xehetzea eta jasotzea da. Modu honetan, edozein gozo edota errezeta egiteko orduan, zuzenean erabili ahal izango dugu.

Aholkua: Izozterako unean data edota kantitatea jarri, kontsumitzean jakiteko.

Egin kalabaza krema eta gorde izozkailuan

Kalabaza jasotzeko hirugarren aukera, krema edo pure bat sukaldatzea da. Kalabaza eta gustukoen ditugun beste osagai batzuekin kalabaza krema bat sukaldatu ondoren, ontzi edota izozteko poltsetan jaso dezakegu. Aukera aproposa da denbora gutxirekin baldin bagabiltza, edota hainbat egunetarako otordua prestatu nahi badugu. Honela, berotu eta jateko prest izango baitugu.