Tolosako Azokan kalabaza oso bat erosten dugun bakoitzean berdina pentsatzen dugu etxera iristean: zer egingo dut guzti honekin? 5 minutura zalantzak alde egiten du: ikaragarria da ze zapore eta ze kolore dituen... eta zenbat errezeta egiteko baliagarria zaigun! Behin hasita, ez gelditzeko modukoak.
Garrantzitsuena ondo garbitu eta kontserbatzea da. Duela urtebete artikulu bat idatzi genuen blog honetan, eta hemen berreskuratu dezakezu: nola kontserbatu kalabaza, kontsumituko duzun egunaren arabera.
Bada zapore handirik ez duela pentsatzen duenik ere; baina gaurkoan, hori gezurra dela erakustera gatoz. Kalabaza kremaz eta kalabaza erreaz harago, @soulinthekitchen blogariaren profilean topatu dugun errezeta hau egitera animatzen zaitugu!
Osagaiak:
1) Lehenengo eta behin, bi aukera ditugu: kalabaza osoa zatituta erre, edota lehen ikusi dugun modura zati bat kontserbatu (hozkailuan edo izozkailuan) eta soilik behar duguna erabiliko dugu. Esan modura, kalabaza zatitu eta garbituko dugu (pepitak kenduz) eta labean erreko dugu: ordubete, 200 gradutan, olio txorrota batekin. Ondoren kalabaza gehiegi dela iruditzen bazaigu, beste errezeta batzuetarako erabili ahal izango dugu: bizkotxo bat adibidez? 🥰 Behin kalabaza erreta daukagula zuritu eta birrindu sardexka baten laguntzaz, eta gorde gerorako.
2) Lapiko batean tipula erdia erregosiko dugu, txiki-txiki moztuta. Jarri ura (edo barazki-salda) lapiko batean berotzen.
3) Gehitu arroza (4 eskukada inguru nahikoa izango da) eta nahastu tipularekin, minutu erdiz.
4) Gehitu ardo txuria (baso erdi bat) eta utzi lurrundu arte.
5) Gehitu aurrez birrindutako kalabaza, gatz apur bat eta estali ur/salda beroaz. Garrantzitsua: hemendik aurrera nahasketari eragin behar diogu denbora guztian egurrezko koilara batekin, eta jarraitu ura botatzen beharrezkoa den heinean. Guzti hau nahastuz, arrozaren almidoia askatzea lortuko dugu, salda loditzen joan dadin (hau da risottoaren trikimailua!). Gutxi gorabehera 18 minutu beharko ditugu, baina hoberena arroza dastatzea izango da.
6) Ia guztiz eginda dagoenean, utzi ura gehitzeari eta kozinatu 3 minutu gehiagoz, sutik atera aurretik.
7) Azken pausoa: behin sutik aterata, gehitu gurin koilarakada bat eta gazta parmesanoa. Testura zoragarria lortuko dugu!
TIP: platerean aurkezterakoan, bota piperbeltza edo espeziak gustura.
Kalabazak jokurik ematen ez duela pentsatzen duzu oraindik? 😇
Bidali zure argazkiak @tolosako.azoka-ra!