Mahala baserrian Azoka Lagunekin - Tolosako Azoka

Mahala baserrian Azoka Lagunekin

#Azoka lagunak

Tolosaldeko Leaburun dago Mahala baserria. Inguruko larreak ustiatzen eta kudeatzen dituzte behien bazkarako. Beraiengandik lortzen dituzte kalitate eta zapore ezin hobeagoko produktuak: jogurtak, gaztak, izozkiak… Ekoizten duten produktuen prozesu osoa kontrolatzen dute, eta horrela lortzen dute kalitatearen bermea.

Bertan izan gara azoka lagunak; egiten dituzten lanak eta ekoizpen-prozesuak gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan dugu! Gazta freskoa eta jogurtak nola egiten dituzten ikusi dugu bertatik bertara.

Abereen zaintza, esne bilketa eta ekoizpen-prozesuak arduraz egiten dira, tradizioari eta kalitateari eutsiz. Ekoizpen jasangarria eta bertako lehengaien erabilera dira euren filosofiaren oinarriak.

Bertan ekoizten duten gazta freskoa artisau-prozesu baten emaitza da. Esne fresko eta naturalarekin egiten da, zapore gozo eta krematsu bat lortuz. Ezin hobea da ogi on batekin, eztiarekin edo fruitu lehorrekin konbinatzeko. Azokan, kalitate goreneko gazta hau dastatzeko eta erosteko aukera dago, bertako esnearen benetako zaporea eskaintzen baitu!

Mahala Baserriko jogurtak, aldiz, esne freskoarekin egindako produktuak dira. Azukrerik eta gehigarririk gabe prestatzen dira, berezkoa duten zaporea eta osasungarritasuna mantenduz. Jogurt hauek ezin hobeak dira gosaritarako edo postrerako.

Mahala Baserriko bisitak baserriko lanaren garrantziaz eta bertako esnekien kalitateaz ohartzeko balio izan digu. Gazta freskoa eta jogurt naturalak benetako artisautzaren fruitu dira, zapore eta osasungarritasun handiko produktuak izanik. Hurbildu bertako azoketara eta gozatu Mahala Baserriko esneki goxo-goxoez!

Gogoratu zuk ere Azoka Lagunentzat egiten ditugun ikastaro eta bisita gidatuen berri izan nahi baduzu, gure buletina jasotzera harpidetu zaitezkeela tolosakoazoka.eus -en.