"Emakumeok lehen sektorean badugu zer esana" - Tolosako Azoka

“Emakumeok lehen sektorean badugu zer esana”

#Baratza #Baserria
Irurako Jauregi baserriko etxekoandrea da Mari Carmen Iradi. Bizitza osoa damara lurrari eta baserriari lotuta. Makina bat urte egin ditu Tolosako Babarrunaren Ekoizleen elkarteko lehendakari gisa, baita ekoizleen txapelketa irabazi ere.

Zizurkilen dagoen Emakume Baserritarren oroigarrian martxoaren 8aren harira egin ohi duten elkarretaratzera joateko prestatzen ari dela harrapatu dugu. Baina hitzaspertu txiki batean hausnarketa asko utzi dizkigu Mari Carmenek: lurrarekiko loturaz edo emakumeek landa eremuan eta baserrian izan duten eta duten rolaz hitz egin dugu, besteak beste.

Non izan zenuen lurrarekin lehen harremana?

Hernaniko Argindegi baserrian jaio nintzen, eta anaiarekin batera baserriko lanak egin behar izan nituen txikitatik: soroko lanak, sukaldeko lanak, eskulanak, joskintza lanak… Etxerako behar genuena ekoizten ikasi nuen: artoa, barazkiaka, babarruna, esnea, sagardoa… Astoa kargatu eta Hernaniko plazako arkupetako azokara joaten ginen egunero-egunero. Hori zen familia mantentzen zuen eguneroko jornala lortzeko bidea.

Irurara ezkondu eta lurrari lotua jarraitu zenuen, ordea.

Senarrak maiorazgoz jaso zuen baserria, eta 22 urterekin aurrera atera behar izan genuen. Leku egokia topatu nuen Iruran. Lursailez gain, 10 behi genituen: garai hartan bizitzeko adina ematen zuten 10 abereek; gaur egun akaso 100 bat behar dira errentagarri izateko. 

Nola egin zenuten aurrera baserriko lanarekin?

Nire senarra –Ramon Iturbe– aritzen zen lanean eta ni laguntzen ibiltzen nintzen atzetik. Ramonen arrebak baserrian bizi ziren artean etxeko-lanak egiteaz arduratzen ziren. Aldiz, biok bakarrik gelditu ginenean, lan horiek egin eta bost seme-alabak hezi behar izan genituen. 

Haurdunaldia eta haurren heziketa tartean. Nola konpontzen zineten baserriko lanekin?
Amatasuna eta baserria uztartzea ez da erraza. Haurdun nengoen kasuetan, ahal izan nuen arte senarrari laguntzen ibili nintzen; etxean geratu behar izan nuenean, bera arduratu zen lan guztiaz, eta aldi berean niri laguntzen zidan. Amatasuna, adibidez, esne salmentarekin uztartu behar izan nuen. Aurreko egunean dena prest utzi behar izaten nuen, dena egin ahal izateko. Garai horretan koinata eta amaginarreben laguntza handia ere jaso genuen. Laguntza guzti hauei esker lortu genuen baserriko lanaz gain, azoka eta salmentari eustea. Hala ere, askok baserria eta aurrerapenak egitea ez datozela bat uste dute, nik beti esan ohi dut hemen ere kaleko etxeetan bezelako aurrerapenak egitea beharrezkoa iruditzen zaidala. Horregatik, gure seme-alaben heziketan eta etxeko lanetan nire senarrak eta biok parte hartzen genuen. 

Baserriko lana gizonekin lotu izan da askotan, baina emakumeak hor egon dira, beti.
Lan gogorrenen ardura gizonezkoek izan duten arren emakumeak ere ibiltzen ziren. Segan, adibidez, emakume askok ezkutuan egiten zuten lehen. Gaur egun emakumea plazara atera da, bere garaian ez bezala. Eta pozten naiz aurrerapauso hori eman delako. Azokarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Emakume gehiago ikusi izan dira salmentan gizonezkoak baino, baserrian geratzen baitziren lanean. Gaur egun ez da hori gertatzen.

Karguak ere gizonezkoenak izan dira gehienetan, baina zu Babarrun ekoizleen elkarteko lehendakari ere izana zara.

18 urtez, bai. Elkartea sortu zenetik bizpahiru emakume izan gara, baina egia da gehiengoa gizonezkoa izan dela. Gaur egun orekatuago dago. Egia esan, ondo ikusia izan naizela uste dut, beti errespetatu izan naute, eta ez didate oztoporik jarri. Nire burua askatzeko ere aukera izan nuen, jende aurrean hitz egiten ohitu behar izan bainuen.

Hitz egin dezagun babarrunaz eta bere bilakaeraz. Elkartearen sortzaileetako bat izan zinen. Zergatik elkarte bat babarrunarentzat?

Baserrietan oinarrizko elikagaia zen babarruna, baita diru-iturri bat ere. Baina iritsi zen garai bat oso merke jarri zena, eta oso zaila zen irabaziak lortzea. Tolosako Udalak bultzada bat eman nahi izan zion, babarrunaren kalitatea landu eta ekoizleak batuz. Pertsonalki, une egokian harrapatu ninduen: senarra lanik gabe geratu zen, eta Iruran N-1 errepidea eraiki zenean lurrak kendu zizkiguten. Elkartearen sorrerak bide bat ireki zigun baserriarekin aurrera egiteko, eta pozik sartu nintzen. Bakarrik egin genuen lana, taldean egiteko aukera ere eman zigun. 

Babarruna zakutxotan bilduta saltzen hasi zineten. Zergatik egin zenuten hori?

Kofradiak proposatuta, lehenak izan ginen Azokan babarrunak zakutxotan saltzen. Jendea harritu egin zen, baina harrera ona izan zuen. Produktua babesteko modu bat izan zen, ez zelako zuzenean ikutzen, eta jendeari hori gustatu egin zitzaion. Salmentek ere gora egin zuten.

Desberdintzeko apustua ere egin zenuten.

Babarrun asko zegoenez, bereizi egin behar genuen. Eta kalitatea da bereizgarririk onena. Prozesu sakon bat egin zen itxura eta kalitate oneneko babarruna lortzeko. Donostiara, Beterrira, Bilbora… leku askotako azoketara joaten ginen, eta jendea konturatu zen bildutako babarruna zela kalitatea zuena, horrekin identifikatu zen.

Bi hamarkada baino gehiago egin dituzu elkartean; zer nolako bilakaera izan du denbora horretan?

Hogei bat ekoizle izan ginen elkartea sortu genuenak. Gaur egun 50 inguru dira. Bilakaera hortaz, positiboa da. Baina adinekoak gara gehienak, gazte jende gutxi dago. Eta etorkizun horrek beldurtzen nau.

Etorkizunaz hitz eginda, Azoka ere nola ikusten duzu?

Ahultzen ari dira azokak, eta kopuruari erreparatuta, gutxitzen. Salmentak ere beherantz doaz. Jendea supermerkatuetara begira dago. Tolosan oraindik ondo mantentzen da inguruko herrietako jendea ere gerturatzen delako. Baina susmoa dut ez zaiola hainbeste kalitateari erreparatzen. Azokako produktuak ahalik eta insektizida gutxienekin egindakoak dira, baina ez dakit jendeak hori zein punturaino estimatzen duen.

Belaunaldi aldaketa ematea ere kostatzen ari da.

Gazte kopurua ere gutxitzen ari da, azoketan eta baserrietan, bai.

Zure seme-alabentzat lanbide hau nahi izango zenuke?

Onartu behar dut oso zaila izango litzatekeela. Baserrietan gauzak gero eta estuago daude, zaila da dirua lortzea. Orain dela 30 urteko prezioetan saltzen dira gauzak, eta bitartekariek asko eramaten dute. Jubilazioa ere nahiko baxua da. Pena da. Beti daude hasi nahi duten gazteak, baina zaila egiten zaie. Ez dakit gomendatuko nukeen. Pena ematen dit, beti baserrizale izan naizelako. Baina uste dut une honetan gehiago duela bokaziotik. Benetan gustuko duenak egiten du. Eta hori egiten duena zoriondu egiten dut!

Inoiz sentitu duzu uzteko gogoa?

Ez, behin ere ez. Beti gustatu izan zait. Lurra eta baserria sakratuak dira niretzat. Gogorra izan arren, txikitatik horrela hezi izan naiz, eta hori da nire bizimodua.

Zer izan dira zuretzat lurra eta baserria?

Bizipoza eta askatasuna.