Mimosak: loraldiak ezagutzeko goruntz ere begiratu behar da - Tolosako Azoka

Mimosak: loraldiak ezagutzeko goruntz ere begiratu behar da

#Azoka lagunak #Baserria
Epelaren haize boladez udaberria hasi zaigu zirrikituetatik sartzen, baina ez gaitezen despistatu; oraindik neguan gaude. Eta hori dela eta, neguko lorerik berezienetakoa aurkeztuko dizuegu gaur: mimosa. Zuetako asko iragan larunbateko azokan lore-sorta hauek eskutan hartuta pasiatzen ikusi zintuztegun!

Loreez hitz egiterakoan beheruntz begiratuta lorategietan dakusagunak bakarrik hartzen ditugu kontuan (zer esanik ez garai honetan ikusten ditugun larrosa gorri guztiekin), eta ulertu beharra daukagu ez direla apaingarrietarako bakarrik: lore asko topatuko ditugu baratzeetan ere. Estetikoki politak direla ukatu ezin bada ere, bizitzaren jarraipena ere badirelako; landarearen organorik garrantzitsuenetakoa, hazia edo fruitua datorrenaren aldez aurretiko abisua.

Hala ere, loraldiak ondo ezagutzeko goruntz ere begiratu beharko genuke; hala nola, frutarbol eta zuhaitzetara. Jakingo zenuke esaten zein koloretakoak diren gaztainondoaren, sagarrondoaren edo limoiondoaren loreak? Zein haritzarenak, edo astigarrarenak?

Fokua galdu gabe, itzul gaitezen lore horietan horienera. Mimosak, Acacia Dealbata du izen zientifikoa; baina lore eta hostoen sentikortasunagatik deitzen zaio horrela. Australia eta Tasmanian du jatorria, eta aldaera ugari ditu (kolore, forma eta tamaina ezberdinak topatu daitezke). Espainiar estatuan zuhaitz honen laborantza arautua dago, espezie autoktonoentzako mehatxua izan ez dadin.

Urtean bi hilabetez soilik ikusiko dugu loratuta zuhaitz hau; otsaila eta martxoan. Tenperaturak igotzen hasten direla nabaritzen dutenean lehertzen dira, hain bereizgarri duten aparteko kolore horiko lore txiki, borobil eta zintzilikariekin. Lorearen sinpletasuna deigarria bazaigu ere, zuhaitzak, 30 metro neurtzera iritsi daitezke: horra hor, txikitasunean duen indarraren adierazgarria. 

Lore hau dotoreziarekin, samurtasunarekin eta adiskidetasunarekin lotzen da. Askotan emakumearen energiaren sinbolotzat ere hartzen da, eta horren seinale martxoaren 8an ikur gisa hartzen dela munduko toki askotan.  

Eta zuk, ezagutzen zenuen mimosa? 💛