San Bartolomeko piparrak - Tolosako Azoka

San Bartolomeko piparrak

#Azoka lagunak
Ibarrako Piparrak Tolosako Azokako protagonista nagusietako bat izan diren uda baten ostean, datorren asteartean San Bartolome eguna ospatuko da, gure bizilaguna den Ibarrako patroia. Tradizioz, piparrak eta tomateak jatearekin lotu izan da egun hori, eta gaurko artikuluan omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu produktu horiei, udaro Tolosako Azokan arrakasta gehien izaten duten produktuetako bat baitira.

Datorren asteartean, abuztuaren 24an, San Bartolome eguna ospatuko da, Ibarrako patroia. Ibartarrentzat egun berezia da hau, Tolosarrentzat San Joan eguna berezia den bezala, izan ere, herriko festak ospatzeaz gain, San Bartolome Ibarrako piparrekin eta tomateekin lotzen da.

Baratzezaintzan eta nekazaritzan tradizio handia duen herria izanik, Ibarrako Piparrak, Ibarrako otarrainxkak bezala ere ezagutzen direnak, herrian ekoizten diren produkturik ezagunenetako bat dira, gutizia bat baitira.

Hori dela eta, uda osoan Ibarrako Piparrak izan dira, tomateen, leken edo kuiatxoen baimenarekin, Tolosako Azokako protagonista nagusietako bat.

Frijituak, ozpinetan kontserbatuak edo entsaladaren batean edo beste errezetaren batean gordinik txikitutakoak jateko ezin hobeak dira, eta haien berezitasuna pipar gutxi batzuek izaten duten mingostasunean dago, izan ere, beti izaten da piparren bati mokadutxo txiki bat eman eta, haren zapore mina dastatuta, momentu deserosoren bat pasatzen duenik.

Ibarrako Montes baserriko baratza bisitatu ahal izan genuen aurreko artikuluetako batean, Ibarrako piparrak nola hazten ziren eta urteko lehen uztak nola biltzen zituzten ikusi ahal izan genuen. Bisita hartan, Montes baserriko Patxi Izagirrek, zapore min deseroso hori saihesteko argi izpiak piparretara ahalik eta gutxien iristea zein garrantzitsua den azaldu zigun. Haien kasuan, pipar landareak binaka landatzen dituztela kontatu zigun, batak besteari itzal egiteko eta, horrela, ahal den neurrian, piparretan eguzkia saihesteko.

Bitxikeria gisa, aipatzekoa da gainera, tradizionalki piparrak berdeak eta freskoak daudenean jaten badira ere, oraindik erabat heldu ez diren piparrak baino ez direla; izan ere, landarean aste batzuk edo hilabete batzuk gehiagoz helduz gero, piparrak kolore gorri bizikoak bihurtzen dira.