Urte berria eta pare bat bitxikeria - Tolosako Azoka

Urte berria eta pare bat bitxikeria

#Azoka lagunak
2020 berezi eta gogor baten ondoren, Tolosako Azokak indartsu eta baikor hasi du 2021a, inguruko baserri eta baratzetan ekoiztutako kalitatezko produktuak eskaintzen jarraitzeko.

Hemen dugu dagoeneko 2021. urtea, eta berarekin batera, baita urteko lehen elurteak ere. Baina lasai, aurreko asteko artikuluan azaldu genizuen bezala, elurteek hainbat onura ekartzen dizkiete gure soro eta uztei eta, beraz, Tolosako Azokan kalitatezko produktuak izatea bermatua dago. XIX. mendean hasitako ohiturari jarraituz, ekoizle eta azokagileek larunbatero-larunbatero azokara jaisten jarraituko dute.

Badira azokari buruzko pare bat bitxikeria ere. Ba al zenekiten, adibidez, nondik datorkion zerkausiari bere izena? Eta XIX. menderarte azoka astearte, ostegun eta larunbatetan izaten zela? Eta Zerkausia eraiki arte Tolosako azoka Plaza Zaharrean ospatzen zela?

Lehen Zerkausia 1785. urtean eraiki zen Solana kalea (gaur egungo Zerkausi kalea) eta Oria ibaia bereizten zituen harresia zegoen tokian. Ordurarte, Tolosako Azoka Plaza Zaharrean ospatzen zen, eta Azoka estalpean ospatzearren eraiki zen. Hau eraikitzeko, harresi hori bota eta “zerka hautsi” zuten, eta bertatik datorkio Zerkausiari bere izena.

Bertan izaten zen azoka astearte, ostegun eta larunbatetan, XIX. mendean larunbatetan bakarrik ospatzea erabaki zen arte. Gaur egun, urtean batez bestez 50 aldiz baino gehiagotan ospatzen da.

Aurten, Zerkausiko, Berdura plazako zein Euskal Herria plazako postuetan gure inguruko baserri eta baratzeetako kalitatezko produktuen eskaintza izaten jarraituko dugu, garaian garaiko produktuez gozatzeko aukera izanik.

Oraingoz, neguko produktuak aurkitu ahal izango ditugu: Porruak, zerbak, azalorea, brokolia, romaneskoa, baratxuria…

Azoka Lagunak ekimenak gogotsu jarraituko du 2021ean

Hilabete zail batzuen ondoren, iazko udazkenean Azoka Lagunak ekimena aurkeztu zen, eta asko izan zineten Tolosako Azokari zuen babesa eskaintzea erabaki zenutenak.

Horregatik, Azoka Lagunak osatzen dugunon partetik, 2021 zoriontsua opa dizuegu. Guk lanean jarraituko dugu astero-astero Tolosako Azokari buruzko informazioa eta proposamen ezberdinak eskaintzeko, eta ikastaro ezberdinak antolatzen jarraituko dugu, azokako produktuekin egin daitekeena ezagutzeko aukera izan dezazuen.