Udazkenaren baimenarekin, udaberriak ere badu zer eskaini produktu mikologikoez hitz egiten ari garenean; izan ere, “Udaberriko Xixak” apiril inguruan hasten dira gure azokara iristen. Euskal Herriko makina lekutatik iristen dira gainera, baina xixen jatorria familia-sekretua da beti, “perretxiko eta xixak non aurkitzen diren ez baita inoiz esaten”.
Joan den astean Lasa-ren postuan aurkitu ahal izan genituen Nafarroatik ekarritako lehen Udaberriko xixak. Gure inguruan euri gutxi egin du aurten eta xixen eskaintza txikia da oraindik, baina ez dezagun itxaropenik galdu, oraindik ere xixa-garaian baikaude.
Xixek lur heze eta soltea behar dute behar bezala hazteko. Baso eta zuhaiztietan hazten dira normalean, hauek eskaintzen duten itzalak hezetasuna mantentzen laguntzen baitie, eta tenperatura epelagoa izaten baita bertan. Euskal Herrian mendietako larre edo belardi naturaletan ere jaiotzen dira gainera. Oso bereziak diren korroetan jaiotzen dira, taldean, eta korro haien inguruan dagoen belarrak kolore ilunagoa izaten du, urrutira nabaritu daitekeelarik xixen kokapena.
Perretxikoak jaiotzen diren lekuari zizelarrea ere esaten zaio leku batzuetan.
Bada xixa samurrenak handitzen utzitako xixak direla defendatzen duenik, baina xixa horiek beste norbaitek aurkitzearen beldurrak bultzatuta agian, ohikoena tamaina txikiko xixak aurkitzea da.
Errezeta: Nola kozinatu xixa-nahaskia?
Osagai gutxirekin egina eta kozinatzen oso erraza, xixa-nahaskia gutako asko aho-bete-ur uzten gaituen plater horietako bat da.
Nahaskia prestatzeko honako osagai hauek beharko ditugu ( 4 pertsonentzat):