Zainzuriak biltzen Kaxiren baratzan - Tolosako Azoka

Zainzuriak biltzen Kaxiren baratzan

#Azoka lagunak
Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zer desberdintasun dauden zainzuri zurien, berdeen eta gari-zainzurien artean? Testurari eta zaporeari dagokienez begi-bistakoa bada ere, gaurko artikuluan 3 barietate hauen arteko desberdintasunak eta zainzuriei buruzko beste hainbat bitxikeria kontatuko dizkizuegu. Gainera, Kaxi Izagirre-ren baratzan izan gara Asteasun, eta berak nola landatzen dituen erakutsi digu!

Udaberri garaiko gutizia, zainzuria, izatez, lur azpian hazten den landarearen kimu samurra besterik ez da. Zurtoinak eta sustraiek osatzen dute landarearen lurpeko zatia, eta hazten utziko bagenu, loreak, fruituak eta haziak sortuko lituzke, baina hori ez da interesatzen zaiguna, landarearen zati jangarria, hain zuzen ere, kimu samur hori baita.

Aste honetan Asteasuko Andazarrate auzoan izan gara, Kaxi Izagirre azokagileak bere senarraren jaiotetxean duen baratza ezagutzen. Izaskungo Palazio baserrian jaioa, duela 60 urte baina gehiagotik larunbatero-larunbatero bere ahizpa Anarekin Tolosako Azokara jaisten da garaian-garaiko produktu freskoak saltzera. Ziur ezagutzen dituzula. 

Kaxik kontatu digu duela 12 urte hasi zela bere baratzean zainzuriak landatzen. Hauek ondo hazi daitezen pare bat gauza kontuan izan behar direla ere esan digu: lehena, zainzuriek lur solte xamarra behar dutela, hareatsua, zainzuriak arazorik gabe hazi daitezen; eta bigarrena, tenperaturenganako oso sentikorrak diren produktua direla, hotzak asko eragiten baitie.

Baina… zergatik daude zainzuri mota ezberdinak?

Zainzuriak 3 mota nagusitan banatzen dira: zuriak, berdeak eta gari-zainzuriak.

Zainzuri berdeak eta zuriak produktu bera dira, baina garai ezberdinetan bildutakoak. Zuria gazteagoa da, lurraren barruan hazten da eta kimua oraindik kanpora irten ez denean jasotzen da; berdea aldiz, eguzkitan izan den kimu helduagoa da, eta kolore berdea fotosintesiaren eta barnean metatzen duten klorofila izeneko substantziaren prozesuaren ondorioz hartzen du.

Azokara gerturatzen garen erosleok normalean zainzuri zuriak nahiago izaten ditugula ere esan digu Kaxik, harrera handiagoa izaten dutela. Zaporez atseginagoak dira, eta egosita zein zartagian frijituta jateko oso aproposak. Zuriak izan daitezen eta eguzkiak eman ez diezaien, zainzuriak plastiko zati batekin tapatzen ditu, izan ere, segituan berdetzen direla kontatu digu.

Gari-zainzuriak aldiz, beste espezie bateko zainzuriak dira. Luzeagoak eta finagoak, kimua lurretik irtetean jasotzen dira, eta berde kolore bizikoak dira. Azken hauek zartagian frijituta jateko oso aproposak dira.

Kaxiren errezeta: nola kozinatu zainzuri zuriak?

Kaxik Azokan erositako zainzuri freskoak egosteko emandako argibideak uzten dizkizuegu gainera:

  1. Zainzuriak ondo garbitu. Azokan saltzen direnak dagoeneko nahiko garbiak izaten dira, baina etxera iristean ongi garbitzea komeni da, lur-zaporea sahiesteko.
  2. Labana fin batekin zainzuriak zuritu. Azala gogor samarra izaten dute, eta lehen geruza fin hori kentzea komeni da.
  3. Lapiko handi batean, 2 litro ur jarri eta goilarakada bat gatza eta ½ goilarakada azukre gehitu (azken hau, zainzurien mingostasuna saihesteko).
  4. Ura irakin eta zainzuriak gehitu, zutik, soka txiki batekin lotuta (izan ere puntak finagoak izan ohi direnez lehenago egosten dira).
  5. 10-15 bat minutuz egosi zainzuriak bigundu arte, hozten utzi, gatza eta oliba-olio pixka bat gehitu eta listo! Prest izango ditugu gure zainzuriak.
  6. Zainzuri horiek ez baditugu momentuan kontsumituko, egosteko uretan kontserbatu ditzakegu.

Beste errezeta batean ikusi genuen modura, zainzuriak prestatzeko beste modu bat izan daiteke 5 minutuz egosi eta ondoren plantxan egitea.

Eta zuk, nola kozinatzen dituzu?

ON EGIN!