Zerbari probetxua ateratzeko, gazta eta urdaiazpikoz betetako penkak - Tolosako Azoka

Zerbari probetxua ateratzeko, gazta eta urdaiazpikoz betetako penkak

#Errezetak
Sasoiko barazkia da zerba, azokako mahai ugaritako protagonista. Jangarria da bere osotasunean, hostoetatik hasi eta penkaraino. Osorik sukaldatu badaiteke ere, errezeta asko hostoekin bakarrik egiten dira, eta beste batzuk penkekin. Guk den-dena aprobetxatzeko proposamena dakargu.

Barazki honi probetxua atera nahi badiozu, eta plater benetan zaporetsua sukaldatu, 20 minutu besterik ez duzu beharko. Xehe-xehe azaltzen dizkizugu eman beharreko pausoak:

Errezeta: Gazta eta urdaiazpikoz betetako zerba penkak arrautzeztatuta

Osagaiak

Zerba sorta 1
Urdaiazpikoa
Gazta
2 arrautza
25 g. gurin
Limoi 1
Irina
Oliba-olioa
Gatza

Jarraibideak

  1. Garbitu zerbak eta gorde hostoak, gero saltsarako erabil ditzagun. Kendu hariak penkei, moztu 5 bat zentimetroko zatitan eta egosi su motelean urarekin, gatzarekin eta limoi erdi baten zukuarekin.
  2. Penkak bigun daudenean, ura kendu eta oihal batekin lehortu.
  3. Moztu zerbaren hostoak eta erregosi. Ondo egositakoan, gehitu gurina eta txikitu dena. Iragazi eta jarri gatz puntuan.
  4. Bete penkak urdaiazpiko eta gaztarekin: hartu penka bat, gainean jarri urdaiazpiko xerra bat, gazta zati bat eta gehitu gainean bigarren penka zati bat.
  5. Arrautzeztatu eta frijitu oliba-oliotan. Ateratakoan, sukaldeko paper baten gainean utzi, olioa xurgatu dezan. Zerbitzatzeko, jarri saltsaren koilarakada handi bat, eta gainean, egindako penkak. Eta on egin!